6/27/09
ukimena
iz. Objektuekiko ukipena, presioa, haien zenbait ezaugarri fisiko (tenperatura, laztasun/leuntasuna, gogortasun/biguntasuna) eta mina hautematen dituen sentimena, gorputz osoko larruazalean hedatuta dagoena.
Ukimena transmisiorako oso bereziak diren hartzaile eta nerbio bidez osatutako sistema konplexu batek eratzen du; gorputz-azaletik (azaleko ukimena), muskulu eta giltzaduretatik (ukimen sakona) eta barneko organoetatik nerbio-zentroetara egindako sentimen-bulkaden transmisioaren emaitza da. Azaleko ukimena kanpotik iristen zaigun informazio-multzoak osatzen du eta dermisaren nerbio-amaieretan jasotzen da; sentimen-nerbioen bidez transmititzen da bizkarrezur-muineko nerbio-zeluletaraino, handik garuneko eremu sentsorialetara igarotzen da eta han sentimenezko inpresio bihurtzen da.
baina, bat-batean, zu agertzen zara. zure eskuek, ezpainek, nire eskuak, ezpainak, gorputza ikutzen dituzte. nire masaila, lepoa, belarria, zilborra. zure gorputzak nire gorputza ikutzen du. eta, bat-batean, ukimenaz esan diezazuketen guztia motz geratzen zaizu.. bat-batean, ukitu egiten nauzu.. eta hitz guztiek, sentsazio hori deskribatzeko saiakera guztiek, besterik gabe, zentzua galtzen dute, akats bihurtzen dira, bat-batean, hitzetara mugatzearen ezintasunaren menpe.