...Nire etxekoak, adibidez, betidanik izan dira erlijiosoak eta kristauak, batez ere, aiton amonak. Gauzak horrela, kristautasunaren itzalean hezi naiz; bataiatuta nago eta lehen jaunartzea eginda daukat. Txikia nintzenean igandetan mezatara joaten nintzen eta akolitoa ere izan naiz! Sarritan entzun izan dut “Jainko bat bakarrik dago” eta denboraren poderioz nik ere hori uste nuen, izan ere, denek esaten zidaten jainko bakarra zegoela: herriko apaizak bere sermoietan, amonak baserrian, katekesiko irakasleak, etab. Egun baten ordea, Jainko gehiago zeudela ikasi nuen eta engainatuta sentitu nintzen. Geroztik, kristautasunarekiko bereziki eta erlijioenganako orokorrean dudan mesfidantza handitzen doa etengabe.
Erlijioak txanpon guztiek bezala, bi aurpegi ditu. Mundu honetan dauden bizidun guztietatik pertsonak daki bakarrik hil egingo dela eta hori jakitea ez da samurra. Alde horretatik, onartu behar dut fededunek beren fedeari esker heriotzak sortzen duen antsietatea eta egonezina gainditzea edo baretzea lortu dutela eta hori ez da gutxi, baina Munduan dauden injustiziak mantentzen, areagotzen eta berriak sortzen ere egin du lan kristautasunak. Jainkoaren nahia dela aitzakiatzat ipini eta munduko injustizia askori oniritzia eman dio Elizak. Herria, berriz, isilik geratzen da. Esaera zahar batek dioenarekin ados nago eta nire ustez ere “erlijioa herriaren droga da”. Erlijioak pertsonen mina baretzen du eta batzutan desagertarazi ere bai, baina erlijioek askotan ez diote uzten norbanakoari gauzak eta mundua diren bezala ikusten. Ez al du drogak berdina egiten?
Droga efektua delakoaren alde onari dagokionez oso esker onekoak izan beharko ginake Kristautasunarekin. Bizitza honen ondoren etengabeko bizitza batera goazela jakiteak pertsona lasaitu egiten du. Hil ostean betiko bizitzara igaroko dela pentsatzen duena lasaiago bizi da hil ostean dena amaitu dela pentsatzen duena baino. Gaur egun, fededunak geroz eta gutxiago dira eta nik uste dut horrek eragina daukala gure bizitzetan. Egun jendea larriago bizi da, badakielako gero ez dagoela ezer, baina hain da handia heriotzaren hurbiltasunak eragiten duen antsietatea, ezen bizitza osoan zehar betiko bizitzan sinisten ez duten asko betiko bizitzan sinisten hasten diren amaiera gertu sentitzean. Beste era batera esanda, pertsona batzuk ez dute federik edukitzen bizi osoan zehar, baina heriotzaren itzala inguruan ikusten dutenean fededun sutsu bihurtzen dira. Guzti hori da drogaren alde ona, txanponaren alde ona.
Eta alde txarra? Alde txarrak bizitzaren geruza asko okupatzen ditu, baina denak aipatzeko asko dira. Kristautasunaren zutabea nagusia maitasuna da, denok elkar maitatu behar dugula dio Kristautasunak. Hori tamalez, ez da horrela gertatzen; aberatsek ez dituzte pobreak maitatzen, zuriek ez dituzte beltzak maitatzen, etab. Kristauak itsutu egiten ditu beren drogak eta ez dira gai hori ikusteko, zeren kristau on batek maitasun falta hori ikusita, denok elkar maitatzearen alde borrokatu beharko luke. Kristautasunaren beste zutabe bat limosna da, hau da, daukanak ez daukanari ematea; nik nire inguruan, ordea, ez dut horrelakorik ikusten. Ez nik eta ezta kristauek, izan ere, ez al luke kristau on batek pobrezia eta gosearen aurka borroka egin behar? Borroka egiten ez badute ikusten ez dutelako izango da ala ukatu egin behar du norbaitek mundu honetan gosea eta pobrezia daudela? Azkenik amnesia historikoak min ematen dit: kolonizazioak, frankismoa eta beste hainbat gertaera maltzur askok Elizaren eta Kristautasunaren oniritzia jaso izana.
Erlijioen iturriak, hau da, hasierako ideiak eta funtsak egokiak iruditzen zaizkit, baina ez azken mendeetan erlijioek hartu duten norabidea. Jesus gaur egungo gizartean bizi izango balitz seguru ez lukeela gustuko erlijiorik aurkituko; bere Kristautasuna ere ez zukeen gustuko izango.
tasegiaurrera said on 5/13/08 3:41 PM …
ez nauen nibel bajuauko texturik espero
xD
eskerrikasko!