12/15/09
Orain dela urte asko etorri zinen mundura. 90. hamarkadako semea zinen eta hori zure estilo eta estetikan igartzen zan. Zure azala artean zuria bezain leuna zan, transluzidoa esatera ere ausartuko nintzateke. Hori bai, begi eta bekain beltzen kontrasteak leiho irekiak irudikatzen zizkigun zure aurpegian. Bazeneukan halako erakargarritasun hauskor bat.
Apal-apal hazten joan zinen eta denbora pasatu ahala gure bihotzetan zeure txokoa egin zenuen. Ez bakarrik gure hizkuntzan mintzo zinelako, baita mundua ikusten zenuen gisan deskribatzen zenuelako. Kriterioa sortzeko beharrezko zintugun eta gure kultura bultzatzeko hainbat idea eta iniziatiba aurkeztu zenizkigun eten gabe.
Gaztea zinen hartan eta hala ere etsaiak zeneuzkan. Ziurrenik jaio baino lehenagotik. Non eta etxean bertan hainbat begik amorruz eta zitalkeriz begiratzen zintuzten. Independiente eta zeure buruarekin ziur agertzen zinelako beti. Eta ordurako kulturaren kutxazain besaulkizale tristeek arnasgabe utzi nahi izan zintuzten.
Hala ere zuk aurrera jarraitu zenuen bidean, zure jarraitzaileontzako hainbat pozezko berri emanez batzutan eta triste eta uzkur uzten zizkiguten kronikak eskainiz bestetan. Eguneroko eginbehar eta konpromezuak zintzotasunez betetzen zenituen. 2000.hamarkada ere heldu zan eta ordurako kolore apur batez ere janzten hasi zinen. Azala polita eta mamia goxoa zeneukan ordurako.
Baina Penintsularen erdialdean ordurako erroi baltzak zure aurka egiteko hautua egina zuten. Zoritxarrez zure bizitzako albisterik eta tristeena argitaratu ezin izan zenuen hura bilakatu zen. Puinala sartu zizuten eta une batez denbora gelditu egin zen. Eskuan zeneukan luma lurrera erori eta tinta urdin ilunaren arrastoa zoruan astiro-astiro barreiatu zen.
Isilunearen ondoren minaren beltza zabaldu zen gure barrenetan. Kostatu zitzaigun zure galera liseritzea baina astiro-astiro egun eta gau beltzak argitzen joan ziren eta etorkizuna ilusioz begiratzen jarraitzeko indarrak batzen joan ginen. Zu gabe baina zurekin geunden.
Urte batzuk pasatu dira begiak itxi zizkizutenetik, zauriak hor daude baina inportanteena zutaz ez garela inoiz ahaztuko jakitea da. Zure begirada presente daukagu egunero era batera edo bestera. Egun beltz hartan zure logelan barreiatu zen tinta arrasto hura ez da lehortu.
Egunen baten egunkariak ostabere argia ikusten badau dudabarik zeure hitzak plazaratu beharko lituzke...
Plazer hutsa da halakoak irakurtzea!